top of page

TXIMISTAKO HISTORIA

 

Eratu zenetik, 1989ko otsailetik, eta 30 urte bete ondoren, Tximista taldeak zintzo bete ditu bere printzipioak: 


- Kirol aukera bat izatea inguruko gazteentzat.
- Lekeition eta Lea-Artibai eskualdean garatzen diren giza eta kultur jardueren bultzatzaile eta laguntzaile izatea.

Taldearen lehen urteak, gainerako talde guztietan gertatzen den legez, oso zailak izan ziren, baina ilusioz beteak era berean, zeren falta ziren bitartekoak imaginazioaz eta dedikazioaz ordezten genituen. Horrela iritsi gara gaur eguneko egoerara.

Idatzi honen bidez, halere, ez dugu 30 urte hauen errepasoa egingo, zer lortu dugun aipatuko baizik, eta zer lortzea falta zaigun.

- Batzuentzat kirol emaitzak izan arren garrantzitsuena, Tximista taldearen filosofia da urtero ahal denik eta atletarik gehien mugitzea. Ukaezina da, halere, kirol emaitzek ere asko laguntzen dutela, ezagutzera emateko alde batetik; eta ezagutza horrek eraginda, aparteko laguntzaren bat lortzeko bestetik. Sortu ginenetik 1.000 atleta baino gehiago pasa dira gure taldetik; eta urtero 80 atleta inguru etortzen dira gugana ondo pasatzera. Gure taldean zuzendariak, entrenatzaileak, gurasoak, etab... izateak egiten du posible hori. Horixe da gure emaitzarik handiena!!!

- Tximistaren Olinpiadak, 1991ko urteaz geroztik 400 ikasle baino gehiago batzen ditugu urtero Tximistaren olinpiadetan. Eta atletismoko frogaren bat ezagutuz gainera, parte hartu ere egiten dute. -San Antolin Altuera Jauzia, Aipaturiko 1991ko urteaz geroztik, 3 urteko etenaldia izan zuen arren, froga hau klasiko bihurtu da gure jai patronaletan.

- Jolaski, 1997tik 2000ra Tximista izan zen Jolaskiren (Trinketeko gazteen topalekuaren) sortzaile eta bultzatzaile. Topaleku horren bidez Lekeitioko gazteei aukera bat eskaintzen zitzaien asteburuetako aisialdirako. Proiektatu ziren pelikulak, jockey txapelketak, indiaka, pin-pon, futbolin, ajedrez, partxis, dama, bilar, pintura txapelketak, erredakzioak, etab... dira horren lekuko. Guztiz garrantzizko deritzogu, gainera, gazteak batzeko tokia izateari; eta berreskuratu beharko genuke, Lekeitioko gazteek beste aukera bat izan dezaten aisialdian.

- Zuhaitzak Landatzea irlan, 1999an, gure taldearen X. urteurrena betetzen zela eta, nekostak eta tamarindoak landatu ziren irlan. Gazte eta nagusien laguntza izan genuen. Jose Luis de la Torreren plaka eta eskultura bat ere ipini ziren, eguna gogoratzeko. Gaur egun azken biak desagertu egin dira eta gutxi dira bizirik dirauten zuhaitzak.

- Atletismoko minipista: 1993an, Tximistako Zuzendaritzakoek beharrezko laguntza lortu zuten Foru Aldundiaren aldetik, Larrotegin minipista bat jartzeko. Horri esker 1995ean futbol-zelaia inauguratu zen; eta Tximistak 1999ra arte itxaron behar izan zuen, antsiatutako pista izateko.

- Minipistako instalazioen amaiera, Bai Foru Aldundiak eta baita udalak ere 2003an promestu ziguten behar diren instalazioak (aldagelak, argiak eta futbol-zelaiaren ingurutik banatzeko sarea) eraikiko dituztela. Lanak 2006ko urte hasierarako amaituta egotea itxaroten dugu.

- Giza laguntza, Gure taldeak dituen 450 bazkide baino gehiagori, zuzendaritzakoei, entrenatzaileei eta gurasoei esker inguruko gazte askoren ametsa egia bihurtzen dugu. Zabalik gaude, gainera, ideiak eman, laguntza eta gure taldeko partaide izan nahi duten guztiei. Zuen zain gaude!!!

"aspaldidanik ibili zara 
jo ta su talde honetan
uneoro irribartsu, alai
ta distiraz begietan;
lorpen ugari izan ditugu
zuri esker guk pistetan,
luzaroan gordeko zaitugu
Tximistakoon bihotzetan"

bottom of page